Euskalkiak

Orri honetan euskalkien kokapena eta horiei dagozkien herriak aurkituko dituzu, bi sailkapen desberdinen arabera:  Louis Loucien Bonaparteren sailkapen tradizionala eta Koldo Zuazoren egungo sailkapena. Horietako bakoitzean klik eginez gero, euskalkiaren deskribapena aurkituko duzu, eta horri dagozkion herriak.

  • Egungo sailkapena
  • Tradiziozko sailkapena

Goi Nafarrera

(hegoaldekoa) (iparraldekoa)

HEGOALDEKO GOI NAFARRERA

Historikoki hauxe izan da Nafarroako euskalkirik hedatuena, mintzatuena eta berezkoena. Hedadura handiena zuen unean, herri eta ibar hauek zituen hegoaldeko muga: Ega ibarra, La Solana, Oteitza, Villatuerta, Zirauki, Mañeru, Gares, Izarbe ibarra, Artaxoa, Puiu, Orba ibarra, Lerga, Uxue, Galipentzu, Zare, Leatxe, Irunberri, Urraul (herriok guztiok euskaldunak izandakoak).

Toponimia xehearen azterketak salatzen duenez, sartaldetik Lana eta Ameskoa ibarrak dudarik gabe beste euskalki batekoak ziren, sartalde eite handiagokoak, Arabako euskalki gaur itzalita daudenen eta Burundako euskararen antzekoak noski. Sortaldetik, Pirinioko ibarrak ere (Zaraitzu, Erronkari eta Aezkoa) euskalki honen mugaz kanpo daude; Pirinio-aurrekoak, berriz, barne (Erro, Lintzoain, Artzi). Iruñean mintatzen zen euskara ere euskalki honetakoa zen.

Gaur egun hegoaldeko goi nafarrera itzali hurren dago: oraindik badaude euskalki honetako hiztunak (osotara bostehun baino gutxiago) baina salbuespenez ez bada, hizkuntzaren transmisio naturala etenda dago.

Historikoki oso garrantzi handiko euskalkia izan da. Hegoaldeko goi nafarreran idatzita daude hizkuntzaren aldetik inportantzia handia duten obrak: adibidez, segur aski euskaraz inprimatu zen lehenbiziko liburua: Antso Elsokoren Doctrina Christiana delakoa (ez da alerik guganaino iritsi); Tratado de Oír Misa (1621), Juan de Beriain utergarrarena, Iruñeko euskaran idatzia, berak deklaratzen duenez: "Iruñean usatzen denaz izkiriatzen dut, Erresuma honetako burua baita, eta Nafarroan zabalduena eta edonon ulerterrezena baita." Eta batez ere Joakin Lizarraga, Elkanoko seme eta erretorearen prediku eta otoitz bilduma ikaragarria, gaur itzalita dagoen Iruñerriko euskara ezagutzeko meterial ezinbestekoa.

Horrez gain, prediku, udal agiri, eta denetariko dokumentu sail handia bildu da euskalki honen lurralde guztitik. Literaturaren ikuspuntutik ez dute baliorik izaten, baina bai, berriz, hizkuntzarenetik.

Euskara mintzatuaren ezaugarri orokorrak alde batera utzita, hegoaldeko goi nafarrerak honako ezaugarriak ditu:

Morfologia (aditza, izena)/ Fonetika/Lexikoa/Sintaxia

MORFOLOGIA

Aditza

1- Hegoaldeko goi nafarreraren ezaugarririk deigarriena, Bizkaiko eremu batean ere agertzen dena, lehenaldiko adizkietan -n falta izatea da: nue, ze, zio, etb. Euskalki osoak izaten zuen ezaugarri hori, eta gaur egun ere Esteribar eta Erron aditzen da, baina hor eskuarki -n dun adizkiekin lehian. Eugin, kasu, -n dunak baizik ez dira aditzen:

zengatik orai erretrasatuenak hoik izain zire

denen artian harpatzen zute zerrie

ta etzaike igo

Len hartaik bizi gine

gazteago ze

Baina cf. bestalde:

dena eskuz in behartzen

iduri zuen adelanto at haundienetaik zela

joaten ginden etxeko azienden lana

2- Euskalki honen eremu gehienean -a- agertzen da adizki sintetikoen lehenaldian: nakien, nauken, zakien, zagoen, zabilen... etb., (batuaz neukan, zebilen... etb.):

banakin ze kostunbre zuten goizez...

errota guziek hertsiik zauden

Ta ahizpe bat Albisun zauken

ta aitte ta ama hil tzaizkion

ta etzaike igo

ta haizea baldin bazabillen

apainduik ya zauken

3- Oso maiz gertatzen da aditz laguntzaile iragankorrak lehen silaba galtzea orainaldian (aferesia): tut, tuzu, etb., ditut, dituzu etab.en ordez:

ene familien eztut zautu, zautu tut bai, bertze familietan

4- diet, diezu, zien, zaie, etb.en ordez, eremu honetan diotet (=diet), zioten (=zien), zaiote (=zaie) tankerako adizkiak aditzen dira maizenik, hau da, -ote- erabiltzen dela -e-ren ordez:

Zenbaiti etzaote (=zaie) iduritiko

iduritzen zaote (=zaie) gerra hori holako festa bat dela

semeei frankotan erraten dakotet (=diet)

5- Euskalki honen iparraldean (Mezkiritz), Behe nafarrera kutsuko nor-nori-nork adizkiak erabiltzen dira nori hirugarren pertsonakoa delarik: dakot, zakoten, etb (bat.diot, zioten etb):

semeei frankotan erraten dakotet

eskribitu nindakon baetz

oaiñik eskribitzen ziren neri iortzen giñekonak

Batzutan badirudi -ako- eta -io- adizkiak gurutzatu direla:

kutxilloai kanibeta deitzen daogu guk euskeraz

6- Euskalki honek oso bereak ditu (nahiz eta bestetan ere badiren: Ultzaman eta Basaburuan ere bai behinik behin) -ke hutseko ahalkera adizki iragangaitzak: daike, zaiken etb (batua daiteke, zitekeen):

ta etzaike igo

Han pasatu ginituen izan zaizken kalamidade handien-handienak

7- Nor-Nori lehenaldian (batuaz zitzaion etb.), -KI- erroa erabiltzen da eta ez -TZA-: zekion/zakion eta ez zitzaion:

ta aitte ta ama hil tzaizkion

8- Nor-nork orainaldiko bigarren pertsona pluralekoak -zie bukaera hartzen du (batua -zue), Ultzaman eta iparreko goi nafarreraren parte batean bezala:

Eztakizie! Hobe duzie

etzaizie iruditzen

9- Nafarroako euskalki gehienetan (Piriniokoetan ezik) nitzen adizkia erabiltzen da, -n- gabe (bat. nintzen):

ni haurre nitzelaik

Zazpi urtez edo eztakit zenbat urtez egon nitzen ni soldado!

ni bigarren kaderatik operatu nitzelaik

ordu betian iatzarri nitzen

10- -n bukaera duten aditzetan (edan, egon, izan etb), geroaldiko forma -en egiten da maizenik. -ain izaten da ohizkoeneko ebakiera:

zer errain dizut

eztakit noiz artio izain den

Historikoki, halare, badakigu -nko formak ere (janko, joanko) erabili izan direla, Garesen, kasu.

11- -tu bukaera duten partizipioak (galdetu, barkatu, etb) -tiko egiten dute geroaldia, aezkeraz, baztaneraz eta ultzameraz bezala: galdetiko, barkatiko, eta baita behar-en aurrean direlarik ere: galdeti ihar dut (=galdetu behar dut):

ze pagati behar zuten

Orai, zer pasatiko den

zeatik auto aundiz pasatiko da

eta modifikatiko da

Zenbaiti etzaote iduritiko

Baina cf. Usetxin:

aitu behar zen ordu aundiz

12- Euskalki honetan oso ohizkoa da partizipioa -rik erantsita erabiltzea, iparreko goi nafarreran ez bezala, hor oso gutxi edo batere ez baita erabiltzen (salbu eta Sakanan):

errota guziek hertsiik zauden

Prezinteturik errotak

kasik adjudiketuik Baztandei Erregerena.

nola nindeon operatuik

hilabetero ginduen konpromisua inik

apainduik ya zauken

13- Euskalki honetan ez dira usatzen -iten tankerako aditz izenak (emaiten, erraiten), iparreko goi nafarreraren eta Iparraldeko euskalkietan hain ohizkoak direnak:

Orai guk eztugu ja ere erraten al gauze horren gañean

haiziak ematen zuen

ezpadirete sorik gaizki eramaten klinikara edo hola

14- Aditza laguntzailez jokatzerakoan iparreko goi nafarreran baino askoz kontrakzio gutxiago sortzen dira. Baina bai, berriz, behar eta nahi laguntzailea jotzen dutela daudenean:

trenean juan behaut lenbailen tierra hontatik

karretera in behautela hemendik Frantziera

Larogei, lautan hogei, nahuzun klasian.

15- Aurreko ezaugarriak sistematiko xamarrak dira, baina haiez gain euskalki honetan beste anitz adizki aditzen dira estandarraz kanpokoak. Batuazko bertsioak argitzen du kasuan kasuan zein den baliokidea. Ikus:

eta bahikorleat kartzen zuzten (=zituzten) Eugire

berriz denuntziek pagatzen zuzten, azienden yabeak

iten zuzten tripotak

hemen gu ixil-ixilik ginauden (=geunden)

eta astia ginduelaik, (=genuen) pues ala! kuxetara

joaten ginden (=ginen) etxeko azienden lana

nola nindeon (=nengoen) operatuik

eskribitu nindakon (=nion) baetz

16- Hegoaldeko goi nafarrerak, beste hainbat euskalkik bezala, berritu egin du -t bukaera duten adizkien erlatibo forma. Garai batean euskalki guztiek -dan, -dala (dudan, dudala, zaidala, etb.) egiten bazuten ere, gaur duten, dutela, zaitela, etb., aditzen dira maizenik, dut, zait, adizki lotugabeen gainean berreginak.:

Ta nik zautu dutena hor, iauen-iauena da

Erran dutena aixtian

erran dizutan bezala

Baina inoizka lehengo formak ere aditzen dira, eta batzutan besteak erabiltzen dituen hiztun beraren ahoan:

Ez ez, erran dizuden bezala aixtian

Cf. aurreko adibidea.

17- Nor-nork eta nor-nori-nork paradigmak erabat nahasita daude (bigarrena gailendu zaio lehenbizikoari):

biziik ortzi behar digute (=ehortzi behar gaituzte)

Klaro, hemezortzi urtetan eman zieten (=eraman ninduten)

gerra akaatute ere eztakit zenbat urtez iruki zieten han (=eduki ninduten)

ta haiek kubritzea gui eaman tziguten

ta nei Donostie destinetu ziaten

IZENA

18- Eremu honetan guztian, iparreko goi nafarreran ez bezala, -ak/-ek berezkuntza (nor/nork) egiten da izenen pluralean:

eta azienda sartzen zelaik, denuntzietzen zuten goardek

Baina maizkara ez da berezkuntza egiten, partez hizkuntzaren erosioagatik eta partez iparreko goi nafarreraren eraginagatik:

berriz denuntziek pagatzen zuzten azienden yabeak

baztandarrak aprobetxatzen zuten Erdizaga

19- Instrumentala -s da (batua -z):

pues iiteas moztu iten zen

hiru hillebetes

Baina maiz -z-rekin lehian:

Zorriz beteik

20- Genitibo singularraren kontrakzio ohizkoena -ain da:

Diputazioaindako

Erregenekoaikin, eta Baztangoaikin

21- Zenbakietan -tan erako formak aditzen dira maizenik: hirutan hogei, lautan hogei (=hirurogei, laurogei), baina parentesi artekoak ere ibiltzen dira, gipuzkeraren eta gaur batuaren prestijio arrazoiengatik); bortz eta hameka forma ekialdekoak ere ibiltzen dira:

Larogei, lautan hogei, nahuzun klasian.

Lauretan hogei ta hameka

Borz pezta egunean

22- Nondik kasua egiteko mugagabean eta pluralean -tarik erabiltzen da, Iparraldeko euskalkietan bezala:

Hemen, pues, garie, olua, hoetaik

orai ya, ezta yausik hoetaik ikusten

hemen ez baitziren ja haetaik

Len hartaik bizi gine

gazteenetaik abiatu zarreneraino

ta trabiesa bakarra ehun kilotaik goiti

23- -arendako erabiltzen da eta ez -arentzat.

Diputazioaindako

oain itten den gauzendako

24- artzain, arrain, haurtzain, etb.en tankerako hitzetan, -ai formak dira nagusi euskalki honetan (iparreko goi nafarreran bezala): artzai, arrai, haurtzai etb:

25- Erdarazko -ón bukaerari bere hartan eusten zaio maileguetan (batuaz maizenik -oi): pantalona, perdigona, kamiona, jipona, botona, xabona.

ta montonka uzten zen

montondu ta han utzi

Baina mailegu zaharrenetan, eta bai euskal ondare zaharreko hitzen batean ere, hala nola saroi, hegoaldeko goi nafarrerak bere-bere emaitza bat ageri du: -io. Konpara bitez, kasu, Iruñerriko Sario toki-izen arrunt-arruntak (<saroi). Corpusean ez dago adibiderik.

26- Euskalki honen parte batean (Eguesen), erakusleek hasierako g- bat izaten dute, aezkeraz eta zaraitzueraz bezala (erronkarieraz k-): gau, gori, gor etb. Baina gaur egun hegoaldeko goi nafarrera bizirik dagoen herrietan forma estandarrak baizik ez dira erabiltzen (hau, hori etb...):

orai ya, ezta yausik hoetaik ikusten

afera hau de

iduritzen zaote gerra hori holako festa bat dela

Ba denbora haetan

FONÉTICA

27- Asimilazio bustidurak iparreko goi nafarreran baino indar gutxiago du hemen. Euskalki honen eremu historikoan, ez zegoen batere bustidurarik Elkano, Gares eta Artzin; eta Oltza, Olaibar, Goñi, Txulapain eta Itzan, berriz, oso indartsua zen.

Euskalkiaren gaurko eremuan (Esteribar eta Erro), -n- i bokalerdiaren atzean bustitzen da: ezpaña, gaña, etb, baina ez i bokalaren atzean: irine, mutila etb.:

pantano in antzinean

Cf bokalerdiaren atzean:

berriz azaroko kosetxa eraikitzeko denboraraño

orai bizitzen da pusken hobeki orduen beño

ta gero hure karri larrañera

Batzutan, ordea, arau hori ez da betetzen:

Ez t ez l ez dira bustitzen i-ren atzean, Urritzolan ezik:

hemen gu ixil-ixilik ginauden

hamazazpi familie kuxetagileak ginen

Ta hemen sortu te hemen nik uste hemen nik uste hilen naizen ere

Orai e iten dire

Baina cf:

oain itten den gauzendako

igual bi hillebetez, geldittu bage

28- Ez dira ezagutzen buruba, mendiya, etab. bezalako formak, iragaitzazko soinudunak alegia, iparreko goi nafarrerako parte batean oso ohizkoak.

29- Mezkiritzen eta Usetxin, inoizka, bokale artean -i- galdutako formak aditzen dira, aezkera kutsukoak. Erakusleetan sistematiko gertatzen da:

Hoek tire (<hoiek)

Hemen, pues, garie, olua, hoetaik (<hoietarik)

hemen ez baitziren ja haetaik (<haietarik)

Ba denbora haetan (<haietan)

pues denbora haetan jornala (haietan)

Bestelako hitzetan ere gertatzen da:

pues iiteas moztu iten zen (<igiteias)

eskribitu nindakon baetz (<baietz)

Baina askotan zalantzekin:

ardiek, ta behak, (<behiak) eta hoetaik ;

Baina cf. herri berean:

behiak eta bihorrak

Zenbaiti etzaote iduritiko (<zaiote)

Cf. herri berean:

brabanian erraten zaion bezala

Eugin, antza, ez dago holako formarik.

30- Deklinabidean, -ea (etxea) eta -oa (astoa) askotan -ia eta -ua ahoskatzen dira (gehienbat lehenbiziko kasuan; -ua bakanago):

ezta xuxenbidia

bat Beltrania, nere etxia Juankonia, bertzia Juantenia

Larrazkenian, larrazkenian, bai. Martxoan ere zerbait eraikitzen zen

Larogei, lautan hogei,nahuzun klasian.

ordu betian iatzarri nitzen

Hemen, pues, garie, olua, hoetaik

hilabetero ginduen konpromisua inik

Baina zalantza handiko joera da:

pantano in antzinean

hure azkenean, pean gelditzen zen

gazteago ze

Borz pezta egunean

izen balute permisoa, dretxoa izen bazuten

yatekoa bildu

31- Hiato horiek silaba bakarrean (diptongo gisa) ahoskatzeko joera dago (baina ez beti eta ez nonnahi), agian euskalki honetako parte batean dagoen intentsitate azentu gogorraren eraginez:

32- Bokal harmonia (dirua>dirue, ogia>ogie) euskalki guztian hedatuta dago. Historikoki, Artzi eta Eguesen ezik, beste herri guztietan izaten zen. Nola morfema artean (ogie), nola morfema barrenean (uketu, ugeri, iketza etb.) gertatzen da, iparreko goi nafarreran ez bezala. Mezkiritzen joera hau arinagoa da:

horko antzinderiek ta usetzen zuten

egun guzie, famili guzie

33- Garai bateko r/d nahasketa baten arrastoak nabari dira (nahiz gaur egun, antza, ez dagoen). Batez ere -da- nori (niri) morfeman (didan, zidan, etb):

frantsak ero (<edo)

gerra akaatute ere eztakit zenbat urtez iruki (<iduki) zieten han

34- Maizkara aditzen dira (Nafarroa Garaiko euskararen ezaugarri ia esklusiboa da) hasierako bokala galdutako aditzak (aferesia): baki (=ebaki), karri etb. Izenetan ere bai batzutan: mazteki (=emazteki):

eta bahikorleat kartzen zuzten Eugire

hori zautu dugu guk

Ta nik zautu dutena hor, iauen-iauena da ta akaso bizimodu hobia torriko da

Nik lemixi... zautu nuen lemixiko urtetan

ta gero hure karri larrañera

Maztekiek beti, zegatik maztekie

Zein pozik torri nintzen ni

Horren ondorioz, asko hedatu da (bai iparreko goi nafarreraren parte batean ere) man (=eman)/eman (=eraman) berezkuntza:

Klaro, hemezortzi urtetan eman (=eraman) zieten

haiziak ematen (=eramaten) zuen

35- Hitz barrenean ere batzutan bokal bat galdu da (sinkopa), baina inoizkako gertakaria da, iparreko goi nafarreran baino askoz ere bakanagokoa (cf. iparreko goi nafarrera 33):

eta bahikorleat (<bahikorrale) kartzen zuzten Eugire

denen artian harpatzen (<harrapatzen) zute zerrie

36- joan, jarri, jende etb. bezalako hitzetan, hegoaldeko goi nafarreran hasierako soinua y- da gaurko herrietan, Urritzolan ezik, han j- baita:

Baina berrieneko maileguak eta ja hitza (=ezer, deus), beti eta herri guztietan jotarekin aditzen dira:

Eta batzutan ondare zaharreko hitzetan ere aditzen da j beste euskalki baten edo batuaren eraginez:

egun guzien dozena bat jende

pues denbora haetan jornala

joaten ginden etxeko azienden lana

Historikoki oso ohizkoa izan da eremu honetan x- ahoskera halakoetarako, Uharte Arakileraino iristen baitzen, Irigarayk esaten duenez. Artzin, leihan zebiltzan y- eta x-. Olaibar eta Txulapainen y- besterik ez zen. Egues eta Oltzan x-. Gaztelerazko jota nagusi zen eremuren bat ere ba omen zen, Gares, kasu.

LEXIKOA

37- Hegoaldeko goi nafarreraren lexikoa ez da bereziki propioa. Corpus honetan oso hitz edo aldaki gutxi aurkitzen dira euskalki honetan baizik erabiltzen ez direnak, edo Nafarroan baizik erabiltzen ez direnak: bahikorle (<bahi korrale) `bahitutako azienda sartzeko korralea´; frantsa `frantsesa´; iago eta iagoen formak (gehiago eta gehien); ja (ere), `ezer, deus´ (iparreko goi nafarreran ere bai); aundi(t)z `anitz´(iparreko goi nafarreran ere bai); ortzi `lurperatu, ehortzi´; puskan, puskaz konparatiboetan(`askozaz, hagitzez... -ago´); eraiki `erein´; lemixi `lehenbizi´. jende izen zenbakarritzat (`lagun, pertsona´, iparreko goi nafarreran ere bai); igo `eho´.

eta bahikorleat kartzen zuzten Eugire

frantsak ero

nik eztut iago zautu hemen

iaguenik Balentziara

biziik ortzi behar digute

38- Baina Nafarroako euskararen eta bereziki hegoaldeko goi nafarreraren itxura lexiko deigarria beste zerbaiti zor zaio: hemen usatzen diren hainbeste hitz eta aldaki sartalde eite garbikoak izateari (Iparraldeko euskalkien antzekoak alegia): afera `asunto, kontu´; iduri izan `iruditu, eman´; antzin (eta altzin), gibel `aurre, atze´; bertze ´beste´; antzindari `agintari, buruzagi´; artio `arte´; larrazken `udazken´; orai `orain´; erran `esan´; pean, petik, peko (bere gaineko hitz gisa: peko etxea etb...); emazteki `emakume´; hertsi `itxi´; igorri `bidali´; iratzarri `esnatu´.

afera hau de

pues haiek iduri dute bautela han dretxoa

Eta gero, hordik antzine

Len berze gauze bat zen hemen

39- Hegoaldeko goi nafarrerak, euskara mintzatuak oro har, mailegu asko erabiltzen ditu, mota bat baino gehiagokoak:

Alde batetik, purismoak euskara idatzitik lekutu dituen mailegu eta kalko tradizional askori eusten dio: pagatu, akabatu, eskribitu, gainean `-ri buruz´, etb...

gerra akaatute ere eztakit zenbat urtez iruki zieten han

Orai guk eztugu ja ere erraten ahal gauze horren gañean

Eta bestetik mailegu berri asko ere erabiltzen ditu:

pues, reparto in, mankomunidan, bien akorduekin

aunkesea hilebete bat

egun guzian han dalekedale

SINTAXIA

40- Maiz aditzen dira bait- bidezko erlatibo ez murriztaileak.

41- Euskalki honetan -larik atzizkiak -nean lekutu ditu denbora funtzio gzutietatik:

hure ya xeatzen zelaik

eta astia ginduelaik, pues ala! kuxetara

ni bigarren kaderatik operatu nitzelaik

42- uste-ren mendeko konpletiboetan -n azaltzen da batzuetan -la-ren ordez, Mezkiritzen behintzat (Baztan eta Bortzirietan ere normala da erabilera hau):

Ta hemen sortu te hemen nik uste hilen naizen ere

43- Eremu guztian erabiltzen da zer(en)gatik kausa juntagailua, batzutan hutsik eta batzutan adizkiak -n erantsirik duela:

zeatik hor intzutelaik hori

zeatik auto aundiz pasatiko da

44- Zilegi da beti konparatiboak -ago hutsik erantsiz egitea, edo -ago-ri -ko erantsiz: -agokoa (izenlaguna ez delarik ere: gazteagokoa da).

45- Euskalki hauetako ezaugarri bat oso ekialdekoa: -raino denbora adierazteko erabiltzea, mendebaldeko euskalkietan derrigorrez arte erabiltzen den tokian:

46- -ten ahal perifrasia erabiltzen da ahalkerarako, bai eta ezezkako esaldietan ere:

47- Hegoaldeko goi nafarreran batzutan oso libre erabiltzen da mugagabea, Penintsulako euskalkietan debeku litzatekeen sintagmetan ere bai:

Lenago Eugiko herrie ederrago zen... Gauze ederrago zen Eugiko herria

gazteago ze

IPARRALDEKO GOI NAFARRERA

Gaur egun da Nafarroako euskalkirik hedatuena eta mintzatuena da, nahiz eta historikoki hegoaldeko goi nafarrera izan zen.

Gutxi gorabehera 35.000 hiztun ditu Nafarroan, honako herri eta ibarretan: Arakil, Sakana (Arbizutik), Larraun, Araitz, Bortziri, Imotz, Basaburua, Arano-Goizueta, Leitzaran, Ultzama, Anue, Malerreka, Bertizarana. Nafarroatik kanpora, Irun eta Hondarribia ere euskalki honetakoak dira.

Iparreko goi nafarreraren eremu gehienean (Arakilen ezik eta Ultzaman oso apal) hizkuntzaren transmisio naturala ez da eten.

Euskalki hau aski ñabarra da: zenbait tokitako hizkerak asko aldentzen dira besteengandik; Sakanakoa, kasu, oso euskalki berezia baita eta Nafarroako gipuzkeraren antz handikoa. Iparreko goi nafarrerak hutsaren hurrengo erabilera idatzia izan du, erlijiozko literatura narras batez kanpora. Baditu, izan, aspaldi xamarreko lekukotasunak, baina ez dira, ez hurrik eman ere, beste euskalkienekin konparatzekoak, ez sikiera hegoaldeko nafarrerarenekin. Gainera, gipuzkeratik franko hurbil dagoelarik, iparreko nafarreraren hiztunek askotan gipuzkera erabiltzen dute, asmoz behintzat, formaltasun premia handiagoko eginkizunetan, bertsotarako, kasu.

Euskara mintzatuaren ezaugarri orokorrak alde batera utzita, iparreko goi nafarrera honako ezaugarrietan aldentzen da batueratik:

morfologia (aditza, izena)/fonetika/lexikoa/sintaxia

MORFOLOGIA

Aditza

1-Euskalki honen eremu gehienean -a- agertzen da adizki sintetikoen lehenaldian: nakien, nauken, zakien, zagoen, zabilen... etb, (batua neukan, zebilen... etb.):

nik berandu artio ez nakin euskeras hitzik ere

kontestatu behar tzuten altxatuta zaudenak

ya beandu xamar zela baña ya bazkaltzeko zauken zerbait

Hala ere, eskualde batean -e- agertzen da: Leitza, Arano eta Larraun (hemen -a- eta -e-, bietara):

Moxkortute hola bueltaka emen zebiltzen herriin

Hori enekin nik

dena preparatuba zeon

Sakanan ere, zoken bezalako adizkiek za- suposatzen dute:

horrek ez zuken holako meritu haundirik, ezkil horrek etzoken

2-Nafarroako euskalki gehienetan bezala (Pirinioko ibarretan ezik) nitzen erabiltzen da, -n- gabe (bat. nintzen):

ibiltzen nitzen herritan kartak partitzen

a harrekin batian joan nitzen ni re

hasi nitzen Zentralian

hamabi urte nitulaiken joan nitzen artzai koxkorra

3-Nor-Nori-Nork adizkietan -it- pluralgilea erabiltzen da, Nor-Nork adizkietan bezala (ditio, ditit... etb, batuaz dizkio, dizkit etb). Euskalki honen ezaugarri esklusiboa da (ez da beste inon gertatzen, baztaneraz izan ezik):

Orain jartzen ttiote

asko gauze nik ezautzen eznituenak ematen zitireten

Zenbait hizkeratan, halare, -zki-dun adizkiak ere agertzen dira, Aranon, kasu (Leitzan dazkit erakoak):

ta denak paatzen zizkiuten

4-Iparreko goi nafarreraren eremu batean due etb. azaltzen zaigu dute etb.en ordez. Leitzan, Sakana, Araitz, Larraun (hemen dui) eta Basaburu Barrenaren parte batean gutxienez:

baina soñuba denak diferentea due

billatu behar zuin makille eoke xamarra

horrek eakutsi ta dantzatzen zuin...

dena goittik bera bota zuen ta etzuen deusee bilatu

edan eitten due

5-Duzie (Larraunen duzi) duzue-ren ordez aditzen da gutxienez Ultzama eta Larraunen:

Badakizie holako kantue kantatzen?

6- -n bukaera duten aditzetan (edan, egon, izan etb), -en erabiltzen da geroaldiko formarako:

Eztittue bueltatu izanen

Yoanen zela gure etxera ta gurekin hitzegiñen zula

Herri askotan -anen, -onen bukaera horiek -ain, -oin ebakitzen dira:

dirua ere ezuten sobrante izain seguru aski ta

eta main dizut pasea

baño nik uste ot hemen eitten zenen inguruko herritan e eitten izain zela

Bakanka baizik ez dira aditzen giputz kutsuko -ngo formak, Larraun, Areso, Arano eta Araitzen.

7-diet, diezu, zien, zaie, etb bezalakoen ordez, eremu honetan diotet (=diet), zioten (=zien), zaiote (=zaie) erako adizkiak aditzen dira maizenik, hau da, -ote- erabiltzen dela -e-ren ordez:

haiei jokatuko ziotela horrek

ta esaten nioten soldadu hoiei:

due (=dute) erabiltzen duten eremuan, bide den bezala, dioe (LEIn dioa) (=die) etab. erabiltzen dituzte, hau da, -oe- (-oa-) -e-ren ordez:

Etxe guzie nastu in zioan

ezkaatzen esan giñioan

hark esan zioan etzula uste

8- -n bukaera duten zenbait aditzetan iparreko goi nafarrera ia osoak -iten tankerako aditz izenak osatzen ditu (eskuarki -tten gisara ebakiak), Iparraldeko euskalkietan bezala. Nafarroa Garaiko gainerako euskalki guzietan ezezagunak dira forma horiek (salbu eta Erronkarin): izatten, ematten, egotten, eramatten:

etzen goatzerik izatten

bertze jende turista erraiten ten horiek ere

Bai, izaiten da bizkorki

Baina Larraun, Araitz, Sakana eta Ultzaman, ohikoagoko -ten dugu, eta bai beste herrietan ere bakanka, batueraren edo gipuzkeraren prestijioa dela medio:

izate a tu-tut

9- Nor-Nori sailaren lehenaldian (zitzaion etb.), iparreko goi nafarreraren parte batean (Ultzama, Imotz eta Sakanan) -KI- erroa erabiltzen da -TZA-ren ordez: zekion/zakion eta ez zitzaion. Sakanan erro hori orainaldian ere erabiltzen da: dakio etb eta ez zaio etb.:

asko gustetzen dakit

10-Iparreko goi nafarreraren adizkiek, tokiz toki asko aldatzen direlarik ere, ezaugarri amankomun bat izaten dute: bukaerako hiatoak (zegoen, zuen, nekien, genuen, duela, dagoela... etb) aurreneko bokalera murriztu dituzte (zegon, zun, nun, nakin, genun, dula, dagola... etb). Baina Sakana, Ultzaman ez da hau gertatzen):

han izandu genitun atake goorrak

ne atte zenak eukitzen emen zun hoi prestatota gordii

eta hori in ta ya beste zortzien bat urtes harrekin lan in nun

behiei kausitten ta pasatzen nun bizie

gaizki pasatu giñun batzutan

Baina cf.:

nik dena itten nuen, goizien ta asaldien ta gaubien ta denetan

zer atra behar zuen esan zireten komedorian

11- Aurreko ezaugarri sistematiko xamar hauez gain, esan gabe doa euskalki honetan estandarraz kanpoko makina bat adizkiaditzen direla. Batuazko bertsioak argitzen du kasuan kasuko baliokidea zein den:

Geo eaman giñuzen (gintuzten) Oviedo bertaa

Pues, maiz zeatzen tzittuten, (zituzten) prestatzen tzittuten

sartu eztaizkenak ez biño betire erdi erdera ta...

ta joan ginen harea t´ezkiñuzen (genituen) saldu

oain makinak eta badere (dira)

Bai nik e estudioik eztoket (daukat)

batien santuba sartu zubela errekaa sekoa ziolakos (zihoan)

ondo aittu yaiz (haiz) edo geizki aittu yaiz

ta gero artzai nindabillela (nenbilen)

12- Aditza laguntzailez jokatzerakoan denetariko kontrakzioak sortzen dira, nahiz eta corpusa ez den aski eremuak definitu eta sistematizatzeko. behar + laguntzaile iragankorra kontrakzioak ere oso ezaugarrizkoak dira.

in beadiau horno at hor Zizurren, eta: nauk sozio?

bakarriken goaiñ oso diferente eitteunte lana

oain ya ortziralian lan in ta utzitzeunte

zuk oso ongi errezatzauzule arrosarioa

orain in behauzu

In behaizut pase bat Donostire joateko hillebete bateko

hitz in biait

13-Nafarroako euskararen joera orokorra da (beraz ez bereizgarria) aditzetako Nor-nork eta nor-nori-nork sailak nahastea (eskuarki bigarren saila gailen delarik). Joerak, ordea, tokian-halako betetze maila izaten du eta horrek bai markatzen du isoglosa bat: hegoaldeko goi nafarreran, kasu, erabat nahastu dira bi sailak. Baina beste zenbait hizkeratan ere bai (Ultzaman) eta joera gisa oso zabaldua dago: Ituren, Sakana:

ta honek emain dizu Donostira

kanpeonato askota eramaten tzieten

Hala ere, bereizketa ez da leku guztietan galdu:

Geo eaman giñuzen Oviedo bertaa

ta denak paatzen zizkiuten

14- Iparreko goi nafarrerak, beste hainbat euskalkik bezala, berritu egin du, analogiaz, -t bukaeradun adizkien erlatibo forma. Toki guztietan (eta hainbat tokitan gaurdaino) -dan, -dala (dudan, dudala, zaidala, etab.) egiten zen, baina gaur duten, dutela, zaitela, etb. aditzen dira maizenik, dut, zait, etab. bezalako forma lotugabeen gainean berreginak:

ni naiz Miel, nausi o itten dutena

Alderantziz, zenbait tokitan (Ultzaman behintzat), -da- erako forma lotuak abiapuntu, -da erako forma lotugabeak sortu dira: zaida, zaira, dida (eta bokal harmoniaz zaide zaire) etb (baina ez inoiz nork lehen pertsona delarik: dut, dakit etb.):

naho nuen man balire komendante horretxek itxera joateko

15- -lako kausa atzizkiak lako(t)z (eta -lakos) aldakiak ditu, Iparraldeko euskalkietan bezala:

batien santuba sartu zubela errekaa sekoa ziolakos

...txarrak! urte txarrak dire, eztelakoz

IZENA

16-Euskalki honetan guztian, pluralean ez dabereizten nor eta nork (-ak/-ek):

baina soñuba denak diferentea due

usazaliak iten zte oihu batzuk

ta urdun kontestatu behar tzuten altxatuta zaudenak

17-Iparreko goi nafarreraren eremu handi batean, hegoaldeko goi nafarreran bezala, instrumentala -s da (batua -z). Bereziki Sakanan, han -s besterik ez baita erabiltzen, baina bestetan ere ezaguna da (Basaburua, Ultzama, Larraun, Imotzen), nahiz hemen -z rekin lehian erabiltzen den:

ta gero bi urtes o in zen holako esibizio at

Zer modues habille amigo Arroki

pues oñes ikasi orduko

18-Nafarroako euskarak oso bereak ditu z- bidezko handigarri fonetikoak: zuleta, zapela etb. Beste euskalkietan ere badira, baina hemen oso ohikoak dira:

zuleta bat zartai betekoa

19-Zenbakietan -tan erakoak aditzen dira maizenik: hirutan hogei, lautan hogei (=hirurogei, laurogei), baina parentesi artekoak ere aditzen dira (gipuzkeraren eta batueraren prestijioa dela medio):

Nik lauetan hoite zazpi urte konplittu dittut

20-Nondik kasua mugagabean eta pluralean egiteko, -tarik erabiltzen da Ultzaman, hegoaldeko goi nafarreran bezala.

21- -arendako Ultzaman behintzat erabiltzen da, eta ez -arentzat:

Zer egunek pasti ihaittuzun! Dena zuretako dao.

22-artzain, arrain,

About The Author